XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Are gehiago, Hirugarren Munduko nazionalismoek rol askatzailea jokatzen zuten, ez soilki hango erresumak libratzeko, baita inperialismoa ahultzeko eta metropolietan borroka pizteko ere.

Orain, Mendebaldeko sistema demokratikoa defendatzeko jarrerak hartu du lehentasuna.

Borroka armatua totalitarismo itsuek edota kausa partzial fanatikoek pizten dutela pentsatzen da, eta irrazional edo apolitikoak direla azpimarratzen.

Deus ex machina bilakatzen da Mosku-tik datorren hari gorria.

Intelektual razionalaren lana, nolabait, mehatxu ideologiko, erlijioso edo totalitarioen kontrako defentsa justifikatzea da, nahiz eta defentsa honek errepresioa eta armamentismoa ekarri.

Kontserbadurismo berria pistan.

Beste osakin bat azpimarratu behar da intelektualen jarreran.

Herriaren eskubideen inguruan dabiltzan doktrina iraultzaile orohartzaileek porrot egitean, indibiduoaren inguruan bilbatzen den neoliberalismoa ageri zaigu.

Hitz batez, kontserbadurismo berria ari da ofentsiba ideologikoan, bistan daude egin dituen sarraskiak.

Lehen ofentsiba, krisi ekonomikoari buruz eman dute.

Borroka herritarren ondorioz langileen eskubideak defendatzeko, onura herrian banatzeko, eta kapitalismoaren tendentzia berekoi-basatiak mugatzeko eraikiak ziren legeriak eta instituzioak, kapitala eta produkzioa hedatzeko oztopo bezala aurkezten dizkigute orain.

Hots, krisitik ateratzeko, belaunaldiz belaunaldi lortutako segurantza-sistemak hautsi behar direla dioskute.

Eta horrela abiatu dira enpresak eta estatuak.

Teoria honen laburpena eskain dezadan.

1974-75etik aitzina garatu da, eta laster hegemoniko bihurtu.

Krisiaren sorburua kapitalari inposatzen zaizkion zedarri zurrunak dira: soldata indexatuak, sobera burokratiko eta garesti den segurantza sozialaren sistema, langileak kanporatzeko oztopo legalak, lanpostuak aldatzeko nahiz lan-iraupena erregulatzeko legeriak.

Iraultza teknologikoak eta kapitalaren mundializazioak dakarten bihurgunea ongi hartzeko, oztopo guzti horiek altxatu beharra dago.